XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. Hemen ikuspuntu sozialeko Plangintza Orokorra diseinatzea eta gauzatzea proposatzen da bai eta gizarte ekimenaren ustez administrazioak egin behar lukeen ahalegina adieraztea ere.

Funtsean diseinurako eta gauzapenerako metodoa doa txosten honetan. Hemen proposatzen dugun Plangintza Orokorra prozedura soziala da, ez da instituzionala, ez anti-instituzionala ere.

3. Plangintza Orokorra gizarteko alor guztietan eta Euskal Herri osoan gauzatzekoa da, instituzionalizazio desberdinek eragindako errealitateetara eta zonalde eta lurralde bakoitzeko ezaugarri soziolinguistikoetara egokiturik.

Ikuspuntu instituzionaleko Plangintza Orokorra elkarrekin adostu beharko dute Euskal Herriko eremu administratibo bakoitzeko instituzioek eta administrazio maila ezberdinek, dagozkien gizarteetako ikuspuntu sozialen partaidetza eta inplikazioa lortuz.

Hemen aurkezten den ikuspuntu sozialeko Plangintza Orokorrari dagokionez, Euskal Herri osokoa prozesu berean diseinatzea proposatzen da, instituzioen partaidetza eta inplikazioa lortuz.

4. Plangintza Orokorraren kontzeptuak hiru dimentsio ditu:

- Makroerabaki kolektiboa da: plangintzak gizarte osoa inplikatzen du, beraz, gizarte osoak hartu behar du plangintza bideratzeko erabaki kolektiboa.

- Kontzertazio iraunkorrerako markoa da: batzuen eta besteen estrategiak eta planak etengabe adosteko gunea.

- Tresna metodologikoa da: eraginkortasuna lortzen laguntzen die normalkuntza ahaleginei.

5. Ikuspuntu Sozialeko Plangintza Orokorra Euskararen Unibertsoaren aldeko mugimendu proiektu honek antola dezakeen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bultzatu eta gidatu behar du hori izan baitaiteke beraren egiteko nagusienetako bat eta bertatik ad hoc antolatutako Plangintza Batzordeak metodoa prestatu. Euskalgintzak izan behar du ikuspuntu sozialeko Plangintza Orokorraren aintzindaria, motorea, eragile nagusia...